Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.
Sobre este blog

Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.

Euskaraldia: euskara denon artean eta filtrorik gabe erabiltzeko garaia iritsi da

Presentación de Euskaraldia
13 de mayo de 2025 21:46 h

2

Aurreko egunean, Instagramen ari nintzela, Ariane Hoyosen kontuarekin topo egin nuen. Bertan jarraitzaile batek galdetzen zion ea zergatik ez zuen euskaraz egiten. Ariane, nahiz eta Santurtzikoa izan, bere familia eta lagunekin gaztelaniaz egiten zuela eta euskaraz bazekiela, baina filtro baten atzean, bere aurpegia ezkutatzen, hizkuntza horretan ez zela ondo moldatzen onartu zuen. Hurrengoko 'story'-etan jasotako mezuei buruz hitz egin zuen: batzuek euskaraz hitz egiteko animatzen, eta besteek, ordea, bere “euskara traketsa” kritikatzen.

Egun, badaukagu sare sozialetan, telebistan eta hainbat arlotan euskaraz egiten duten erreferenteak. Eta eskerrak. Gehienek euskara maila altua dute, euren ama hizkuntza delako edo egunero erabiltzen dutelako, baina zer gertatzen da oraindik ikasten ari diren eta euskaraz egiten deseroso sentitzen diren horiekin? Zergatik ez daude erreferenteak horrelako errealitatea existitzen dela azalarazteko? Eta daudenak, zergatik ezkutatzen dira -metaforikoki eta literalki- filtro baten atzean?

Diana Urrea EH Bilduko parlamentarioak joan zen astean “gaur egun, euskalduna izatea woloferaz, arabieraz, hassaniyaz, kitxuaz eta euskaraz eskola-patio berean hitz egitea ere badela” esan zuen, eta beharbada hori da oraineko eta etorkizuneko errealitatea Euskal Herrian, baina iraganera ere begiratzea komeni da, eta hausnarketa bat merezi du ere. Zer gertatu da Salamancatik, Zamoratik, Andaluziatik edo Extremaduratik orain dela hamarkadak migratutako familien seme-alabek euskaraz eroso ez sentitzeko?

Zaila egiten zait honi buruz idaztea Jon Maiaren 1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko bertsoan pentsatu gabe. Euskararen olinpo hartan “Zamora”, “Extremadura”, “abuela” eta “abuelo” hitzak esan zituenean. Eta familiari berak euskaraz ikastea eskertu zienean. Jende askoren bizitza bertso baten bildu zuen egun hartan. Baita nirea ere. Urte asko pasa eta gero, elkarrizketa baten Maiak bere abizenek “lotsa” ematen ziotela eta horrek konplexu asko eragiten zizkiola esan zuen. Bere familiaren jatorria estaltzen eta disimulatzen zuela. Eta niri, Maiaren ausardia hori esateko asko lagundu dit lehenengo eta bigarren mailako euskaldunak ez daudela ulertzeko, euskaldun baten atzean errealitate ezberdinak daudela jakiteko eta aniztasun horretan gure hizkuntza indartsuagoa egiten dela konturatzeko.

Egun gutxi falta dira Euskaraldia hasteko -maiatzaren 15etik 25era izango da- jada parte-hartzaile guztiek izango dute etxean euren txapa, 'ahobizi' edo 'belarriprest' izateko hurrengo 11 egunetan. Joan zen edizioan, 2022an, 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek parte hartu dute. Orain dela bost urte, 2020an, 178.184k parte hartu zuten eta, lehenengo ariketan, 2018an, 225.154 pertsonek. “Orain bi edizio bizi izan genuen pandemia eta 2022ko Euskaraldian sumatu zen haren arrastoa oraindik. Aurten, ordea, batzordeetan jende gehiago ibili dela jakin badakigu, hainbat herritatik jaso dugun mezua izan baita hori”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Euskaraldiaren helburua argia da: euskara gehiago eta gehiagorekin erabiltzea. Horretarako, lehen hitza beti euskaraz egitea eta euskara dakienarekin euskaraz jarraitzea gomendatzen dute antolatzaileek. Aurtengo Euskaraldia aitzaki paregabea da euskara lotsarik gabe erabiltzeko, zure familia nongoa den edo akatsak egiten dituzun kontuan hartu gabe, filtroak alde batera utzita, zu ere euskalduna zarelako.

Sobre este blog

Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.

Etiquetas
stats